XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bertsolariak.

BERTSOLARIAK izeneko ale interesgarria kaleratu du Jakin aldizkariak.

Nik puntutxo bat argitu nahi nuke hemen.

Zeinek parte hartu behar luke txapelketan? galderari, 72 bertsolarik nahi duen guztiak erantzuten diote, eta 64 bertsolarik nolabaiteko maila ematen duenak.

Jakina, 145 bertsolariri iritzia eskatzen bazaie ez da harritzekoa %51,8 txapelketan inolako eragozpenik gabe parte hartzearen alde izatea.

Ni neu, nolabaiteko maila eskatzen duen %46 horrekin nago, noski.

Eta galdera hori bertsolari onei bakarrik eta betiko bertsozaleei egin izan balitzaie pila haundiagoa osatuko litzateke.

Hain arrakastatsua izan zen azken txapelketaren distira, bertso kaxkar eta saio aspergarri askoren tapaki suertatu da.

Patxi Perurenak, Bizkaiko kanporaketetako saioak entzungo balitu izango luke berriro zer esanik.

Honelako saioak irratiz emateak, irratiari ez dakit, bertsolaritzari behintzat ez dio mesede haundirik egiten.

Ni oso pozik egoten naiz pelotan edo futbolean ari diren neska-mutikoei begira.

Baita zaharrei eta afizionatuei ere.

Baina Errealarekin nahasturik edo Galartza eta Retegirekin uztarturik enbarazoa besterik ez lukete egingo.

Guztiak dira pelotari edo futbolari, baina bakoitza bere mailan.

Bertsolari batzuk ere lagunartean eta tabernan elkarrekin zirika aritzeko oso festagarriak dira.

Horixe bakarrik aritzeko, ordea, jende ezagunarekin eta ondo berdindutakoarekin.

Gehiegi luzatzen ez badute debaldeko festa ona jartzen dute.

Baina inork ez ditu inora eramango dirua ordainduz.

Nahiz eta herren samarrak kantatu, bertsoa erraz eta grazi ederrean kantatzen duten eta ezteietara, lagunarteko bileretara eta herriko festetara ordainduz eramaten diren bertsolariak ere badira.

Baina dozenerdi bat bertsolari on samarrekin egin nahi den jaialdi on batera ez ditu inork eramaten.

Eta ez lirateke lehen mailako txapelketa batera eraman behar, noski, enbarazoa besterik ez bait dute egiten.

Noizpait hasi, nola-hala jarraitu eta nolabait bukatzen duenak bertsolari ona aldrebestu eta bertsozalea penatu besterik ez du egiten.

Maila oneko bertso saioa entzutera joan den bertsozalea, batez ere.

M. Atxaga.